XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Palestinarrek elkarrizketetara itzultzea aztertuko dute

TUNIS

Palestinaren Askapenerako Erakundeko (PAE) batzorde eragilea eta Israelekin bake elkarrizketetan ari diren ordezkari palestinarrak aste honetan bilduko dira Tunisen, Ekialde Erdirako Bake Negoziaketen hurrengo txandan parte hartzeko adostasuna bilatu asmoz, atzo PAEko iturriek baieztatu zutenez.

Iasser Arafat PAEko buruzagi nagusiak joan zen asteburuan Hassan II.a Marokkoko erregeari, Al Qods (Jerusalem) batzordeko lehendakariari, eta Senegaleko estatuburuari, Abdu Diuf-i, Kongresu Islamiarreko lehendakariari bidalitako txostenetan deportatuen auzian Israelen jokaera aztertzeko eskatu zien.

Iasser Arafatek Liga Arabiarrari, Herrialde ez Lerrokatuen mugimenduari eta Afrikar Batasunerako Erakundeari (OUA) ere deitu zien.

Dei guzti hauekin, PAEk kanpaina diplomatiko berri bati ekin dio Israeli, Nazio Batuen 799 ebazpena betearazteko presio egiteko asmoarekin.

Mezu guzti hauetan, Arafatek dio Estatu Batuek eta Israelek, Warren Christopher Estatu idazkari iparramerikarrak Ekialde Erdira eginiko bidaian, azken unean deportatuen auziari amaiera eman ziezaiokeena, eta palestinarrek onartu zuten proposamena baztertu egin zutela.

PAEren arabera, joan zen asteazkenean Christopherrek palestinarren ordezkaritzari aurkeztu zion proposamen hori, alde guztiek onartzen zutela adieraziz.

Baina Washingtoneko ordezkariak proposamena atzera bota zuen, Gobernu laboristak ez zuela beteko adierazi zuenean, iturri palestinarren arabera.

CHRISTOPHERREN JARRERA PARTZIALA

Palestinarrek aipatutako Estatu Batuen proposamenak lau puntu nagusi zituen.

Proposamenaren arabera, EEBBek presio egingo zuten Israelek deportazio gehiago egin ez dezan, eta Israelek, Libanoko hegoaldean deportatutako 396 palestinarrei jatorriko lekuetara itzultzen utziko zien.